lunes, 15 de septiembre de 2014

GETXO.LANDA ETA GETXO-LANDIA 2. ZATIA


Oso zaila omen da ulertzea auzoari eta Getxori dagozkien erabaki garrantzitsuetan zuzenean parte hartu nahi dugula eta Erabakitzeko Eskubidea eduki nahi dugula.

Azken eztabaida, harro-harro dabiltza gainera, Erromoko Kultur Etxearen proiektuaren lehen fasean lortutako aurrezpenean datza. Batez ere, kopuruak haienak (udaleko arduradunenak) direlako esaten dugu, auzokideok ez dugu azpijoko horretan PARTE HARTU. Dena den, aurreztuko dela esaten badute ere, ez dugu ezer ere ez sinesten. Zergatik? Haien gardentasuna eta sinesgarritasuna zeharo kaltetuta daudelako.

Ondoren, udalak “bota” dituen zenbait “perla” manipulatzaile eta faltsu deskribatuko ditugu.

1.-2013ko martxoko Getxo-Landa, hitzez hitz: “Fase hau ia 1,9 milioi eurotan esleitu da, eskaintza aurrekontua baino %40 merkeago, eta horrek udal diru-kutxei 1.2 milioi euro inguru aurreztea dakarkie”.

2.-2014ko ekaineko Getxo-Landa, hitzez hitz: “Lehen fase hau 3 milioi euroko aurrekontuarekin, 2.02 milioi eurotan esleitu da, beraz, %33ko aurrezpena lortu da”.

    Konparazioa eginez gero, emaitza begi bistakoa da, udal kudeatzaile “on” horiek egindako aurrezpena % 7ko GORAKADA izan da. Badakigu lanerako tarte legala dagoela. Onartu ezin duguna, MANIPULAZIOA da.

    Algortako ANTZOKIAren zenbatekoa kalkulatzeko kontuak egin zituzten pertsona berberak dira. Hasiera batean, 14 milioi euro izango ziren. Dagoeneko, bost urte daramatzagu obrekin eta prezioa 40 milioi eurotik gorakoa da.  Gainera, egoera are gehiago larriagotzeko, obra ez dago amaituta eta eraikina Getxoko xahubide kulturalaren omenez egindako “Piramidoia” da. Nola liteke sinesgarritasuna mantentzea auzokideon artean? Oraingoz, zenbatekoa zehatz-mehatz 6.655.440.000 pezeta “mareante” eta lotsagarri dira. 

Gure buruari galdera asko egiten dizkiogu eta erantzun batzuk berez ateratzen dira. Kopuruak guztiz apartekotzat jotzen ditugu. Zenbaitetan salatu izan dira, txarto pentsatzeko eskubidea dugu, horrela erakusten digutelako etengabe.

3.-2014ko ekaineko Getxo-Landa, zenb. 1.319, hitzez hitz: “5,5 milioi euroko aurrekontuarekin, bigarren fase honetako obrak 3,7 milioi eurotan esleitu dira, beraz, %33ko aurrezpena lortu da”.

    Logikoa denez gero, lehen fasearekin konparatu dezakegu. Kalkulu hipotetikoa eginez gero, urtebete barru, ontzat emango dugu 4 milioi eurotan egongo garela. Hots, fase biak gehituz, haien (udal kudeatzaileen) kopuruak erabiliz betiere,  gastua, orotara, 6 milioi eurokoa (1000 milioi pezeta) izango litzateke. Kopuru hori ez da muzin egiteko modukoa, kopuru handia da, nahiz eta haien ikuspuntuaren arabera, egindako aurrezpena handia den.   

    Hala ere, Getxoko udaleko arkitekto tekniko bati esker, Urko Balziskueta,  orain dela gutxiko dokumentu ofizialak (2014ko apirila) eskaini ditzakegu. Dokumentu horien arabera, Erromoko Kultur Etxea ez da 8 milioi euro kostatuko, baizik eta milioi erdi gehiago. Kontraesana dirudi, gobernu taldeak aurrezpenaz hitz egiten duten bitartean, %33ko aurrezpenaz hain zuzen ere, udal arkitekturaren arduradunetako batek prezioak igotzea. Ez dakiguna da hemen dena barne dagoen edota kontuak kitatzean, guztion artean ordaintzen jarraitu behar izango dugun ordain-agiriak agertuko diren kajoiren batean. Guztiok ezagutzen dugun  zuen “gardentasuna”ren zain, argitaratu ezazue behingoz, zein den benetako kostua, eta egin ezazue partidetan, katazulo bat ere ez utzi gabe, lehen minututik amaierara arte.

   Jendea nahastu, desinformatu eta adiera biko kopuru bihurriak emateko helburuarekin jolasean arituz gero, zalantza ugari sortu ohi dira. Hori da dagoena. Gogorarazi nahi diegu herriaren ordezkarien betebehar nagusia, haien ideiekin bat ez gatozen arren, kudeaketa guztia zertan datzan azaltzea dela.   

    Ez luke garrantzirik edukiko, guk esango bagenu, baina udal arduradun bati dagokionean, gauzak oso bestelakoak izan daitezke. Baten bati subkontzienteak iruzur egin dio, idatziz adierazi baitu Erromoko “GODZILLA-ARREGI” ospetsuaren benetako kostua zein den, momentuz behintzat (gogoraraziko diegu, beste behin, Antzokia). Ohar zaitezte hau guztia guri ez zaigula arrotz gertatzen, batez ere, inguruan dauden eraikinekin gertatutako manipulazioen berri daukagulako, besteak beste: Ezequiel Agirre 1 eraikinari solairu bat gehiago jarri diote (eraikin altuena den bakarra), inguruko eraikinen altueraz ere oroitzen gara. Ibaiondo eta Kresaltzu kaleetako azken lau etxebizitzak aipatu behar izan zituzten, zeren eta altuagoak izateko argudioa bertan behera geldituko baitzitzaien modu “ikaragarrian”




Kresaltzu 13ko teilatutik (Ibaiondoko eraikinen altuera beretsua dauka) ateratako argazkiak frogatzen du: non ote daude hainbestetan aipatu dituzuen eraikin altuago horiek?
                                                                                                                              
4.-Beste horrenbeste gertatu zen Nagusien Etxeko azalerarekin, metro karratuekin. Zenbat aldiz egin dute atzera esan duten guztian? Guk, berriz, datu ofizialak ematen ditugu, KATASTROtik ateratakoak: Behe solairua 637, 10m2, Lehen solairua 489, 94m2 eta barne patioa 450 m2. Azken hori, aisialdi eta olgetarako leku aparta da.

Gainera, abantaila hauek guztiak izango ditu: sukaldearen esklusibitate eta autonomia, jantokia eta taberna. Dena da eurentzako. Ez dute zertan “Godzilla-Arregi”ren hirugarren solairutik behe solairura jaitsi. Ez dute ezer ere ez partekatu behar jende iskanbila horrekin guztiarekin. Kopuruak ez dira gure asmazioaren emaitza, haiek gogotik hedatu baitituzte Getxo-Landan. Errepikatu egingo ditugu, baten bati argi geratu ez bazaio: “Kalkulatzen da urtero, 250.000 pertsonek erabiliko dituztela instalazioak: liburutegian 140.000 erabiltzaile, Euskaltegian 520 ikasle baino gehiago, Nagusien Etxean  6132 bazkide, 30 gizarte eta kultura kolektibo baino gehiago (horietako batzuek 1000 bazkidetik gora dituzte) eta, bukatzeko, Gaztelekuko 5000 gazte baino gehiago” 

Laburbilduz, zertarako emango ditugu argudio gehiago, eurak ematen badituzte? Antza, ez zuten uste kopuru horiek haien kontra joango zirenik.

    Munstro horren 3. solairuari dagokion plano ofizialaren arabera, behin banaketa eginda, 646, 17m2ko azalera du. Ez dago sukalde soilik, ez dago autonomiarik ezta jantokirik ere. Dena partekatzeko dago. Gainera, ezin dugu ahaztu  edozer egiteko sortuko diren eragozpenak, zaratak eta lekualdatze etengabeak. Hau da, azken finean, “altzairu oihalaren” atzean egongo balira bezala izango da, baina “moztu”.

    Mesedez, Getxoko erretiratu eta beretar jaun/andreak, ez zaitezte engainatzen eta manipulatzen utzi. Oraindik garaiz gabiltza, ezin dugu baimendu lekuz aldatu zaitezten. Pentsa ezazue zer daukagun jokoan, talde trinkoa egin dezagun eta eskatu dezagun eraikinen eraberritzea, Nagusien etxearena baita Euskaltegiarena ere. Ez zaitezte sartu udal kudeatzaileek emandako kopuruetan ezta euren pentsamolde maltzur, burukoi eta interesatuan ere. Ez zaitezte liluratzen utzi, soilik, guztion ongian pentsatu, garrantzitsuena zuen erosotasuna, autonomia eta mugitzeko askatasuna da. Ez zarete inoiz 3. solairu horretan egongo eta, beraz, ez duzue igogailurik hartzeko beharrizanik izango, nahiz eta igogailu horiek oso azkarrak eta modernoak izan. Konparatu eta alde onak eta txarrak baloratu itzazue.

    Gure udalerriko adinekoen kopurua eta horrek hartu duen goranzko joera aintzat hartuta, proposamen logikoa egiten dugu: Erromo eta Areetarako Eguneko Egoitza publikoa eraikitzea; eraikin biak une oro errespetatzen baldin badira, betiere. Gogora ekartzen dizuegu ezaugarri horiek dituen eraikin bakarra Nagusien Etxearen alboan dagoena dela. 30 pertsonentzako edukiera du. Badakigu beste gutxi batzuk hitzartuta daudela. Baina, lehen begiratu batean, kopuruak ez dirudite nahikoa direnik ezta bat datozenik ere 80.000 biztanlerekin ezta sinetsarazi nahi diguten udalerri hain eredugarri horrekin ere. Kopuruak, hor daude, 6000 bazkide baino gehiago Erromoko Nagusien Etxean, 60 urtetik gorakoak.

    Hortaz, ateratzen dugun ondorioa hau da: diru publikoak hobeto daude inbertsio-fondo espekulatzaileetan baita oso garestiak diren eta beharrezkoak ez diren eraikinetan ere. Diru publikoa gisa horretako etorkizun politiketan, eta une honetan, askok oraintxe buruan ditugun beste hainbatetan erabili beharrean. Espero dugu Eusko Jaurlaritzak  daukan 6500 milioi euroko langabeziaren aurkako plan hori, erantzukizunez erabiltzea eta erabili behar den horretan erabiltzea. Dena dela, hori ez da oztopo dirua bankuan sartu eta interes onak eskuratzeko. Beharrizan guztiak aseta izango bagenitu bezala da. Guk dakigula, Getxon, ondo ez dauden hainbat gauza daude… Getxo-Landaren arabera, dena bikain dago, gero! Berriz ere, “LOTSA ERNEGAGARRI” eta ZINISMO baldarra hitzak erabili beharrean gaude. Jaunak, arazoek gainezka egiten dizkizuete Getxon, zeuen zilborrari begira zaudetelako, lodi eta oparoa den zilborrari begira.

5.-Nagusien Etxea, hemen, tutoretzapeko 11 apartamentu daude. Salatu egiten dugu apartamentu horietako bat hutsik dagoela, gutxi gorabehera orain dela bi urte? Edo orain dela hiru? Eta bestea ere orain dela hilabete batzuk. Gertatzen dena da, guk baieztatuz gero, ez daukagula inolako sinesgarritasunik esaten dugun guztia frogatzen dugun arren. Dena dela, bitxia da etengabe GEZURRAK esaten dituztenei ez zaiela inolako ardurarik eskatzen.

Arrazoia ala aitzakia? Uste dugu argi dagoela, haien “planetan” ez da sekula egon inbertsio handirik ez txikirik egitea eraikin bietako batean ere ez, nahiz eta auzoko eraikin enblematikoenak, antzinakoenak eta sinbolikoenak izan. Erromoko auzokide ugarik eraikin horien ezagutza sakona, benetakoa eta oroimenezkoa daukagu. 

Zer espero dezakegu KULTURAren alde daudela dioten agintariengandik, hormigoiaren argudioa baldin badarabilte? Gizalegea duen edonork, patina apur batekin, berehala ohartuko litzateke. Teorian, zinegotzi jaun horiek pertsona ikasiak dira (nahi duenak haien biografiak ditu ikusgai udalaren webgunean).

    Edonola ere, jakinaren gainean ipintzen zaituztegu, haien erabileren, manipulazioen eta gezurren froga gehiago agertuko dira. Bidenabar, Euskaltegiko eta Erromoko Nagusien Etxeko kontuak ere pertsona berberen esku egon ziren.



Iruzkina: soilik garaierak konparatzen baditugu, eskuineko etxea hurbildu da eta solairu bat garaiagoa da.

Ikus bedi, udalaren infografia eta munstroaren egungo argazkia. Markatutako lerroek honakoa frogatzen dute: etxebizitza berbera izanik, argi eta garbi gelditzen da lehenengoa  manipulatua izan dela. Estilizatu egin dute solairu bat altuagoa dela ikusarazteko. Zer izen dauka horrek? Hori ba, MANIPULAZIOA.

6.-Getxo-Landa zenb. 1.307, 2014ko martxoa. UDAL AURREKONTUA, Gizarte politikak. Hor, gizarte politikei 14 milioi euro dedikatuko zaizkiela esaten da. 14 milioi horietatik, udaleko webgunearen arabera, Luzatutako Aurrekontu Finkatua azpiatalean, Nagusien Etxeak 5.375.171 milioi euro jasoko ditu eta azken horietatik 3.271.863 milioi euro banakatu egiten dira. Kopuru hori Bizkaiko Foru Aldundiak emango du, eta gainerakoa, Getxoko udalak.  

    Ulertzen dugu, Aldundiak emandako zenbateko hori, aurrekontuan diru-sartze gisa ipintzea. Aitzitik, ez dugu ulertzen gizarte politika gisa ipintzea, horrek jendeari begira dakarren domina politikoa kontuan izanik. Horri MANIPULAZIOA eta GEZURRETAN IBILTZEA deritzo. 

7.- 2014ko ekaineko Getxo-Landa. Berriz ere, propaganda errepikakor moduan eta errealitatea aldrebesteko asmoarekin, beste behin, gu engainatzen saiatzen ari  dira ezberdinak diren eta iritzi ezberdinak dituzten elkarte bi aterako dituztelako amarruarekin. Une hauetan…

   Hori bai, horrenbeste gustatzen zaienez harro ibiltzea eta argazkian ateratzea, berriro ere beste galoi bat jarri diote beren buruari, oraingoan, Getxoko elkartegintzarena. Gero, intimitatean, “k…” axola diegu. Horren froga gisa,oposizioarekin Nagusien Etxearen eta Euskaltegiaren eraikinen  Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) negoziatzen saiatzea daukagu, plana aldatzeko asmoz eta horrela, eraikinok birrintzeko eta beroriekin nahi dutena egiteko xedearekin. Modu horretan, oso txarto uzten dituzte HAPNren batzarretan, borondatez, parte hartzen jarraitzen duten guztiei. Zertarako balio du HAPN erakusgarri dagoen lekuen erretolika hori guztia?  Guk badakigu zertarako balio duen beste batzuetan ere egin izan dutelako. Getxo-Landan aterako da, politika eredugarri, parte-hartzaile eta gardenaren adibide gisa.

Ikusi ezazue zinegotzi jaunak, bigarren argazkia, ohar zaitezte atzealdeko etxeei betiko egingo zaien txakurkeria handia zertan datzan. 


  Zalantza ugari ditugu “Lotsaren Enparantza” horretan bizi diren pertsonek Getxoko beste edozein auzokidek dauzkan eskubide berberak ote dituzten.

Badakigu auzoko gainerako auzokideoi ere eragiten digula. Baina beste modu batean, ez baitaukagu gure leihotik 8 bat metrora, halako jauntxokeriarik ikusi beharrik.

 Logikoki, “jaun” horiek ez dute “Godzilla-Arregi trastearekin” bizi beharrik. Hala balitz, beste kuku batek joko luke.

Lotsagabe hutsa izan behar da karguetan abilidade horrekin jarraitzeko, “DIRUTZA EDERRA” jasoz, inolako kontzientzia arazorik gabe.

Ez al dute esaten eta baieztatzen berriztatze POLITIKOA gertatu behar dela? Guk uste dugu, engainuak, bata bestearen ondoren, estali, manipulatu eta errepikatu egiten direla etengabe. Asmakeria horiek guztiak KARGU-UZTEArekin ordaindu beharko lirateke. Alderdiek ez dute kodigo etikorik eta horixe da, hain zuzen ere, “ITXURAK EGITEA”rekin eta “TRIKIMAILU”ekin bat datorren demokraziaren “Akilesen orpoa”.

Azken batean, gure esku dago jaun horiek berena ez egitea. Uste baino baliabide eta tresna gehiago daukagu presio nahikoa egiteko eta haiek ohartzeko, oraingoan, ez zaizkiela balio izango antzinako amarru guztiak. Berriz ere, Getxoko “auzokideen ordezkari jaunak” zuen alderdiaren eta zuen helburu pertsonaletarako erabiltzen gaituzue.

Salatzen saiatuko gara, beharrezkotzat jotzen dugun guztietan, zuen parean egongo gara, jakina, eta ez HERRIKO JAUNA DEN TRASTE ZAPALTZAILE honen parean, ez horixe!
                              
"Olatz B.-ren itzulpena"

1 comentario: